XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal Herrira itzultzeko aukera ere mahai gainean jarri dugu.

Ez dute atsedenik hartzen gurekin.

Beti janaria behar baino askoz ere gehiago kobratu, edo norabideak oker eman, edo ez ulertuarena egin.

Antza denez, horren guztiaren azalpena oso antzinatik dator.

Txina omen munduko zentrua, gunea eta kanpotarrok egokitu egin behar omen dugu.

Sekula trukean deus eman gabe.

Ezinezkoa da txinatarren pentsaera ulertzea.

Guztia zentzugabea da, zentzugabekeriaren lurraldea.

Milioika lagun bizikletaz dabilen lurraldean ez digute bizikletaz ibiltzen uzten, eta milioika bizikleta trenean daramatzaten lurraldean, ez digute bizikletak trenez eramaten utzi.

Batean ezetz eta hurrengoan ere bai; eta hirugarren tokian baietz baina sekulako dirutza ordainduz gero.

Ez dakit dolarraren ikurra ote daramagun; kanpotarroi laranjei bezala zukua atera nahi digute.

Berriro ere Chengdura bizikletaz etorri gara.

Poliziaren beldur, edozein unetan atxilotuko gintuztelakoaren beldur, izu-ikarak lasai ibiltzen uzten ez zigula.

Ez dugu beste aukerarik izan.

Eta ezusteko bikaina izan dugu iritsi eta berehala.

Katmandutik Lalung Leh mendatera bidean ezagutu genuen Andrew amerikarra topatu dugu.

- Hau da hau ezustekoa, ea, ea, pentsa dezadan nondik ezagutzen dugun elkar...

Zuek Tibeten bizikletaz zindoaztenak zarete, ezta?

- Bai horixe, eta beraz, zu...

- Andrew naiz.

- Jakina, Andrew, ingeles eta australiarrekin zindoazena, oker ez banago.

- Berau.

- Eta zertan zabiltza hemen? Bizikletaz hemen ere?

- Ez, urtebete daramat hemen ingeleseko klaseak emanez.